Edukira joan

Gatzaga (eguzki lurrunketa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Añanako Gatz Haranean (Gesaltza) lurruntze naturalez lortzen da gatza, terrazen bidez orografia malkartsuan koadro lauetan.

Eguzki lurrunketako gatzaga da gatza eguzkiaren ebaporazioarekin ustiatzeko aintzira edo putzu multzoa. Ez da gatzaga baten ustiapen forma bakarra, suaren bidez gatzuna lurruntzeko beroketa artifizialeko gatzagak ere esistitzen dira.[1] Bi motetakoak egon dira Euskal Herrian: uren banalerrotik iparraldera suan oinarrituak, eta hegoaldera eguzkiaren indarra lurruntze naturalerako darabilten hauek.

Munduko handiena Uyuniko gatzaga da, barnealdekoa dena eta Bolivian kokatua dagoena.[2]

Kokapen eta ur motagatik, barnealdeko edo kostaldeko gatzagak izan daitezke ustiapen hauek.[3] Bi kasuetan, ur gazia gainazal lau eta zabal batean hedatzen da, gero eguzkiak ura lurrunarazi eta geratzen den gatza biltzeko. 21. mendeko gatz ekoizpenean, kostaldeko batzuek errentagarritasuna atxiki dute, barnekaldekoek ez bezala azpiegitura murritzagoa behar dutelako. Barnealdekoak arrazoi etnografiko eta kulturalengatik mantentzen dira neurri batean, gorde diren tokietan.

Kostaldeko gatzagak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ré uharteko gatzagak kostaldetik hurbil kokatuak dira eta itsas urez betetzen dira.

Kostaldeko gatzagetan itsasoko ur gazitik erauzten da gatza. Itsasertzean eraikitako aintzira artifizialetara pasarazten da ura, normalean itsasgora probestuz. Putzu horiek azalera handia eta sakonera txikia izaten dute, ura azkar lurruntzea errazteko. Askotan paduren ingurumarietan eraikitzen dira putzu horiek, ingurune lauan, itsasgorak putzuak betetzea errazteko.

Barnealdeko lurruntze naturaleko gatzagak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur gazizko iturburuak lurpeko ur depositu bat gatz solido geruza batekin kontaktuan delako gertatzen dira. Kostaldeko gatzagetan bezala, ura putzuetara artifizialetara pasarazten da, lurrun dadin, eta ondoren gatza eskuz biltzen da.

Kostaldeko gatzagetan ez bezala, zailagoa da ingurune lauak topatzea, eta askotan terraza moduan eraikitzen dira putzuak, mendiaren magalean.

Ikus, halaber

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Angulo, Eduardo. (2022-02-01). «Gatz arrunta» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  2. (Gaztelaniaz) iAgua, redaccion. (2018-05-18). «El salar de Uyuni, el espejo del mundo» iAgua (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).
  3. «LAS SALINAS DE INTERIOR DE LA REGIÓN DE MURCIA: ¿PORQUÉ DIFERENCIAR ENTRE SALINAS COSTERAS Y SALINAS DE INTERIOR?» LAS SALINAS DE INTERIOR DE LA REGIÓN DE MURCIA (Noiz kontsultatua: 2024-09-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]